XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aljeriako berberetarrak eta fraintziako p.c.-a

Arabitarrak, Mahomet-en mezuak indarturik, Ipar Afrikan barrena hedatu eta gailendu baino lehenago, Maghrebeko eskualdea ez zegoen hutsik.

Mendialdean (eta ez mendialdean bakarrik) herri berezi bat bizi zen, arabitarren ahaide urruna: berberetarrak.

Berauek Erromako Inperioak lehenengo aldiz Ipar-Afrika guztian uxaturik eta ukaturik handik sei zortzi mendetara arabitarrak indarrean hara zabaldu zirenerako, gainbehera zoazen.

Beren herribatasunaz ez oharturik, Kabilia-ko mendarteetan sakabanaturik eta multxokaturik han kokatu ziren; eta han-hemenka uharteturik agertzen dira gaur berberetarrak.

Zenbait lekutan, aldiz, erabat suntsitu ziren: Canarias-ko guanche delakoak, gonbarazio batez, etnitasunez berberetarrak, XVI. mendean suntsitu ziren gaztelatar zapalkuntzaren eraginaz.

Tuareg-tarrek bakarrik eutsi diote berberetarren alfabeto zaharrari: tifinagh deritzana, gaur MPAIAC-ek batzutan gogorazia; eta gainerako lekuetan arabitar idazkera nagusitu zen.

Bertako elizak berak ere arabe moldean egin ditu liburu sakratuen itzulpena.

Frantses koloni-haroan (eta 1962-ra arte, beraz) frantses kolonikuntza jasan zuten Ipar-Afrikako herri guztiek: bai arabitarrek, bai berberetarrek berek ere.

1962-an Aljeriako F.L.N.-ak askatasuna lortzean, eten egin zen Pariseko administrazioaren zapalketa.

Baina Aljerko gobernu berriak Islamismoa hartu zuen erresuma berriaren habe nagusitzat; eta, honekin, eta ehun urtez kutsatutako frantses keriekin batera, elizkeria eta arabikeria sortu ziren.

Elizkeria diogu, zeren-eta, arabitarren artean oso erabilia izan den Aldare/ Ezpata ezkontza aldrebesaren bitartez, Islam elizako gizonen eta instituzioen nagusigoa ekarri baita Aljeriara.

Nahiz elizkeria mota hau, Memmik ongi azaldua duenez, areago izan nazio-beharraren ondorio, fedearen ondorio baino.

Eta arabikeria diogu ere bai.

Aljeria ez baita nazio bat kolonialisten ustekerietan baizik.

Fraintziak Aljeriatik aldegitean (kolonialdian ukatuak izan diren herrialde guztietatik aldegitean bezalaxe), erresuma bat sortu da, estatu bat, hau bai; baina naziorik ez da sortu.

Aljeria etni-puzzle edo etni-nahasketa bat delako; eta Aljeriako mugek Parisko Colonies departamenduetan funts handiago dutelako Kabiliako mendietan eta etnologi-ikertzapenetan baino.

Fraintziaren kontrako gudaldian, sahetsetik baizik ez bazen ere, Kabiliako berezitasuna agertu zitzaigun batzutan: mendialde hartakoek beren aldetik edo beren kabuz bide zeramaten Fraintziaren aurkako gudua... Bitxia omen!.

Gudari gogorragoak omen ziren kabiliatarrak beste lekuetakoak baino.

Hitza aipatzeko ere beldur ziren estatolatrak.

Hots, Kabiliako menditar delakook berberetarrak ziren.

Erlijioari buruz islamdarrak izanik ere, kabilitar horik berberetarrak dira.

Areago: berberetar horik berberak dira, anaia bixkiak dira, Marrokon, Aljerian eta Tunizian; baita haratago ere.

Hots, Aljer-ko gobernuak, Parisekoaren bide beretik jotzen duela, ukatu egiten ditu orain berberetarrak; eta frantses naziokeriaz hezurretaraino kutsaturik, ukatu egiten ditu orain berberetarrak; eta arabikuntza osoa abiarazi du erresuma guztian; Kabilia barne, noski.

Berberetarren jazarkundearen lehenengo zantzuak gure belarrietaraino hasiak dira heltzen: aurtengo ikastaroa hastean, berberetar gazteek arabez ezbaina berberez ikasi nahi zutela bide, arrestatuak izan bide dira ikasle dotzena batzu.

Hots, herri-burruka berri honi buruz, Fraintziako ezker ofiziala (P.C.-a garbiki hitzegitekotan) BERBERETARREN AURKA agertzen da jadanik.

Arazo hauei buruz Jacques Poulet eta Francis Cohen komunistak izkiriatu berri dituzten izkribuetan, Aljer-ko gobernuaren alde agertzen dira.

P.C.-koek diotenez, frantsesa gauza ona izan da hala ere; zeren-eta, ongi irakur, (bazegoen han) .

Eta erasten du: ...

Beharrik!!

Zer egingo ote lukete aljeriar gizajoek frantsesa gabe?

Hori bakarrik ez.

Euskal Herriari buruz Espanako P.C.-ak erabili izan dituen teoria eta hitz BERBERAK erabiliz, Aljerian arrago bikaina ikusi uste zuen Francis Cohen-ek: (baina frantsesez, noski!) ...

Baina, Cohen eta PCFrentzako zoritxarrez, pikutara joan zen arrago hura 1962-an: .

Negar egin beharko!

Berberetar HITZA ERE ez aipatzeko frantses P.C.-ak pre-arabe esan nahiago du: arabitar aurreko edo horrelako zerbait.

Baina ba dakigu kurdotarrak Irak-eko menditarrak direla, eta gu los nortenos...

Marxologoek dute azken hitza.

Nola ez!

Baina harrigarria da, zinez, kezkagarria hobe, ezkerraren etorkizunerako, behin eta berriz eskuindar inperialistak eta marxista ofizialak etni-arazo GUZTIETAN eskuz-esku topatzea.

Aljeria etni-puzzle edo etni-nahasketa bat da.

Txillardegi.